Berriak
Atzealdea

Parte-hartze prozesua

Udala Elduaingo Antolamendua arautzeko Plan Orokorraren onarpena izapidetzen ari da une honetan, baina HAPO-a onartzeko tramitea oso luzea da eta 2023ra arte ez da aurreikusten behin betiko onartzea. Ondorioz, Udalak, apirilean sinadura bilketa eginez herritarrek eskaera zehatza egin dutela ikusita, parte-hartze prozesu bat abian jartzea erabaki du.

2021·05·10


PARTE HARTZE PROZESUA HERRIAN.

Gaur gaurkoz, hirigintza gaietan sortzen diren eskaerei bide emateko, 2000. urtean onartutako Arau Subsidiarioak daude indarrean, eta Arau horietan hiri-lurrean kokatzen diren lurzati pribatuak mugatzea eta ixtea bi eratara egitea onartzen da:

-Bertako harrizko paretaren bidez edo

-Landaretza elementuekin (ezpela eta abar)

Biak hala biak, gehienez metro eta hogei zentimetroko altuera eta mugetatik, gutxienez, bi metroko distantzia izan beharko dute.

Baldintza hauek zailtasunak sortu ohi dituzte herritarrek beraien lurzatiak beste materialen bidez eta beste neurri batzuekin itxi ahal izateko garaian. Ondorioz, herritar talde batek sinadura bilketa burutu du herrian, Udalari, ondokoa eskatuz:

-Zaharkituta dauden Arau Subsidiarioen aldaketa egitea, edo gutxienez,

-Hirigintza gaietako ordenantza berri bat onartzea.

Ekimenak 65 sinadura bildu zituen eta dokumentua apirilaren hasieran sartu zen udaletxean.

Udala une honetan, Elduaingo Antolamendua arautzeko Plan Orokorraren onarpena izapidetzen ari da. Hala ere, HAPO-a onartzeko tramitea oso luzea da eta 2023ra arte ez da aurreikusten behin betiko onartzea. Ondorioz, Udalak, aipatu herri-ekimena kontuan hartuta, eta herritarrek eskaera zehatza egin dutela ikusita, partehartze prozesu bat abian jartzea eta ordenantza berri bat onartzeko bidea irekitzea erabaki du.

Legeak ordenantza berriak partaidetza-prozesu baten bidez onartzea agintzen duenez, Elduaingo parte-hartze prozesua herri-kontsultaren bidez egikarituko da.

KONTSULTAREN NONDIK NORAKOAK:

  • Udalak ordenantzaren zirriborro bat prestatuko du, eta hiri-lurrean kokatzen diren lurzati pribatuen itxiturei buruzko arau-proposamen bat zabalduko du etxez-etxe, herritarrek irakur dezaten.
  • Udalak egindako proposamena berretsi edo ezeztatu beharko dute herritarrak, bozketa baten bidez, esango diren datetan.
  • Bozketa telematikoa egiteko aukera ahalbidetuko da, beranduago zabalduko den informazioan zehaztuko dena.
  • Bozka emateko bi aukeretatik (telematikoa edo zuzenekoa), bat aukeratu beharko dute herritarrak, biak egitea ezinezkoa izango delarik.

BOZKETAN (TELEMATIKOAN ZEIN ZUZENEAN) PARTE HARTZEKO BALDINTZAK:

  • 2021eko apirilaren 30a baino lehenago Elduainen erroldatuta egotea.
  • 2021eko apirilaren 30a baino lehenago 16 urte beteak izatea.

GALDERA EREDUA:

  • Hiri-lurrean kokatzen diren lurzati pribatuen itxiturak eta distantziak arautzeko udalak prestatutako proposamenarekin ados zaude?