Janari bilketa
2018·01·15
JANARI BILKETA. Tolosaldea Sahararekin elkartea 2000. urtean sortu zen saharar herriari laguntzeko gogoz. Urte guzti hauetan proiektu ugari jarri dituzte martxan: elkartasun bilketak, haurren harrera programak, maiatza borrokan bezalako jardunaldiak (hitzaldiak, bideo proiekzioak, erakustaldiak, erresistentzia haimak…). Garrantzitsuenetako bat azken urte hauetan Saharako Lurralde Askatuetan, Midyick herrian, burutu duten proiektua izan da: 140 ikasleentzako lehen hezkuntzako ikastetxe bat eraiki eta mantendu eta 200 kilometroko distantzian dagoen anbulatorio bakarra eraiki eta mantentzea.
Jarduera ezberdinak egiten dituzte urtean zehar, eta urte garai honetan, saharar errefuxiatu kanpamentuetara bideratzen dituzten produktu mota ezberdinen bilketa egiten ari dira.
Elkartearen urteroko helburua ahalik eta produktu gehiena jasotzea da, Tolosaldeako biztanle bakoitzak kilo bat emango balu aukera ikaragarria izango litzatekelako.
Elduaingo Udalak bilketa txoko bat antolatuko du, herritarrak ekartzen dituzuen produktuak jaso ahal izateko.
Aurten eskatzen dituzten produktuak hauexek dira: lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa, konpresak eta haurrentzat eta helduentzako pixoihalak.
Lagundu nahi duenak, bihartik aurrera esandako produktuak udaletxera ekarri ahal izango ditu.
Produktuak entregatzeko azken eguna ostirala, otsailak 2a izango da.