ELDUAINGO OSTATUARI BIZI BERRI BAT EMAN NAHI DIOZU?
02·12·2022
Elduaingo ostatuari bizi berri bat eman nahi diozu?
Kudeatzailea izateko interesa duenak abenduaren 26 arteko epea izango du izena emateko.
Elduaingo Udalak herriko ostatua berritu eta txukundu du eta kudeatzaile berri baten bila ari da orain. Ostatuaren ardura hartu nahi duenak abenduaren 26 baino lehen eman beharko du izena udaletxean.
Bi urte daramatza itxita ostatuak, eta orain egin diren berrikuntzei esker berriz martxan jartzea da helburu. Sukalde berria jarri da, leiho eta ate berriak eta terraza txiki bat egokitu da.
Ostatuko lanak egiteaz gain gune bat egokitu nahi da denda modura herritarrei oinarrizko diren produktuak eskaintzeko.
Ostatua martxan jartzeko interesa duenak udaletxean eman beharko du izena, abenduaren 26 baino lehen. Aurrez ostatua ikusi eta baldintzen berri izan nahi dutenak udalarekin jarri daitezke harremanetan, aurrez aurre, udala@elduain.eus helbidean edota 943683121 zenbakira deituta.
Behin izena emateko epea amaituta, baldintzetara gehien egokitzen den proiektua aukeratuko da. Eta behin esleituta, lanean segituan hasteko moduan izango dira kudeatzaile berriak. Sartzen denak ez du inbertsio handirik egin beharko, eta gainera, alokairu sinboliko bat jarri dugu, lehen sei hilabetean dohanik eta ondoren hilean 150 euro + bez.
Deskargatu hemen baldintza plegua